saltatu edukira

Mikrofinantzaketari buruzko esperientsiak partekatzen

MFC-EMNek sustatutako Mikrofinantziazioari buruzko Urteko Biltzarraren esparruan antolatu diren jardueren artean, Seed Capital Bizkaia-k tailer bat antolatu zuen mikrofinantziazioaren arloko lan-esperientzia partekatzeko.

Lan-esparru horretan, Seed Capital Bizkaia-k, Seed Capital Bizkaia Mikro-ren bitartez, Bizkaiko enpresa- eta ekintzailetza-ehunaren eskura jartzen duen mikrofinantziazio-programan parte hartu duten hiru proiektu aurkeztu ziren. Biboo Bikes, Dog Vivant eta Optimi Rooms izan ziren jardunbidea partekatu zuten hiru esperientziak.

María Ribate, BIBŌO BIKESen ordezkari gisa, enpresaren negozio-eredua azaldu zien bertaraturikoei: bezeroen gustu eta eskakizunen araberako bizikleta elektrikoak eskaintzen dituzte, hots, bezeroen eskura diseinu pertsonalizatuak eta askotariko materialak jartzen dituzte. “Bereizten gara –adierazi zuen Maríak–, gure enpresak ez dituelako bizikleta inportaturik merkaturatzen, baizik eta bizikletak guk asmatzen baititugu, hau da, horiek diseinatu, garatu eta banatzen ditugu. Halaber, online bakarrik saltzen dugulako bereizten gara. Horri esker, kalitatea preziorik lehiakorrenean sal dezakegu”.

Dog Vivantenpresaren bazkide sortzaile Elena Fernándezek, bere proiektuaren hiru urteko esperientziaz aritu zen. Dog Vivant enpresak, txakurrekin joateko helmuga turistiko, jatetxe, hotel edo dendei buruzko informazioa ematen du.

Dog Vivant enpresa emakumeek osatzen dute gehienbat, eta horiek oso pozik daude lortu dituzten emaitzekin: “Gaur egun, milatik gora enpresa ziurtatu ditugu eta % 80ko urteko berritzea lortu dugu”.

Proiektu horren jardunbide ona ikusita, Elenak esku artean duten erronka berria azaldu zuen, hain zuzen ere, bazkide berriak sartu eta kapital-gehikuntza egiteko aukera, tresnaren garapen teknikoan inbertitu eta plataforma bera sustatu ahal izateko.

Eta, azkenik, Iñaki Zabalak eta Iker Caballerok “Optimi Rooms” proiektua azaldu zuten: penintsulako lehenengo kapsula-hotela da, eta datozen asteotan Bilbon zabalduko da.

Ostatu turistikoen eskariaren nitxo zehatza bete nahi du proiektu horrek. Kontzeptu hori oso hedatua da Asiako herrialdeetan, baina hemen ez dago horrelakorik.

Sustatzaileak, proiektuak argia ikusteko azken ukituak ematen ari direla, “ekintzailetza-proiektu orok dakartzan ahaleginaz eta lanaz”  aritu ziren.

Proiektu partekatu horiek Seed Capital Bizkaiak mikrofinantziazioarekin duen konpromisoaren adibide dira. Izan ere, tresna horren bidez, berrikuntza, hobekuntza eta enplegu-sorkuntza sustatzen ditu negozio-ereduan etapa berrien alde egin nahi duten enpresetan.