Coopenor 1978an sortu zen, eta Trapagan du egoitza. Hainbat sektoretarako instalazio eta muntaia industrialetan dago espezializatuta, elikadura-, haize-, ingurumen-, gas- eta galdaragintza-sektoreetarako, besteak beste.
Lantegi berria, erronka berriak
Bizkaiko enpresak lantegi berri batera eraman du bere ekoizpena, erabaki estrategikoa, eta, horri esker, Bizkaian zentralizatu ahal izango du nazioarteko merkatuetara bideratutako proiektu handien gauzatzea. Pauso horrek indartu egiten du fabrikazio aurreratuaren eta ingeniaritza aplikatuaren esparruan duen posizionamendua, eta konplexutasun tekniko handiagoko proiektuei ekiteko beharrari erantzuten dio, hala nola sektore energetikoan, Oil & Gasa eta e-fuelei eta hidrogenoari lotutako aplikazio berrietan.
Ekoizpenerako gaitasun berri horien garapena industria prozesuak optimizatzera eta funtsezko arlo teknikoak, hala nola ingeniaritza, aurrefabrikazioa eta soldatutako hodi sistema handien muntaketa, indartzera bideratutako inbertsio programa batean oinarritzen da. Horri guztiari esker, Coopenorrek kaudimenez egin ahal izango die aurre merkatuaren erronka eta eskakizun berriei.
Coopenorrek Trapagan egiten duen jarduerak, gainera, eragin zuzena du enplegu industrial kualifikatuaren sorreran, eta tokiko enpresa-ekosistema indartzen laguntzen du.
Seed Capital Bizkaiaren BI funtsa
Seed Capital Bizkaiak, dibertsifikazio ekonomikoa, ehun produktiboaren lehiakortasuna eta Bizkaiaren etorkizunerako estrategikoak diren sektoreen garapena bultzatzen duten ekimen industrialak babesten jarraitzen du. Testuinguru horretan, Seed Capital Bizkaiaren BI Funtsak finkatutako enpresa txiki eta ertainei laguntzera bideratutako finantzaketa-tresna gisa jarduten du, izaera berritzaile nabarmenarekin eta hazteko eta enplegua sortzeko ahalmen argiarekin.
