Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak ontzat eman du bi finantzaketa-funts estrategiko handitzea Bizkaian enpresen ekintzailetza, berrikuntza eta hazkundea sustatzeko.
Gehikuntza horien bidez, bete egiten da Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek Gernikako politika orokorreko azken osoko bilkuran iragarritakoa. Bertan aurreratu zuenez, eraldaketa teknologikoa, trantsizio berdea eta balio erantsi handiko proiektuak garatzeko premia nagusi diren honetan, Bizkaiak bere finantza-tresnak indartuko ditu enpresei laguntzeko.
Biscay Anchor Fund (BAF): inbertsio-funtsak erakartzea Bizkaiko inbertsioa biderkatzeko
Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Biscay Anchor Fund (BAF) funtsa handitzea, 4.000.000 euro gehiago emanez, inbertsio-entitate berriak Bizkaira erakartzen jarraitzeko. Gehikuntza horri esker, eskuragai egongo dira beste inbertsio-entitate batzuetan inbertitzeko behar diren baliabideak; entitate horiek, berriz, enpresetan inbertituko dute, eta hala lagunduko dute Bizkaian jarduera ekonomikoa eta enplegua garatzen eta sustatzen.
BAF funtsa Seed Capital Bizkaiak kudeatzen du, eta arrisku-kapitaleko funtsetan inbertitzea du helburu; funts horiek, aldiz, teknologia-, berrikuntza- eta hazkunde-indar handia duten Bizkaiko enpresetan inbertitzen dute. Duela bi urte baino gehiago sortu zen funts hori, eta oinarrizko tresna bihurtu da Bizkaia nazioko eta nazioarteko inbertsio-sareekin konektatzeko.
Bitarteko horren bidez, inbertsio publikoa biderkatu egiten da; izan ere, funtsek, haietan inbertitzean, konpromisoa hartzen dute BAF funtsak lurraldeko enpresetan egindako ekarpena hirukoizteko, eta horrek eragin handitzaile nabarmena sortzen du. Hala, kapital espezializatua erakarri; Bizkaiko inbertsio-ekosistemaren lehiakortasuna indartu, eta lurraldea espezializazio handiko nazioarteko zirkuituetan kokatzen da.
Seed Capital de Bizkaia BI: ETE berritzaileak eta teknologikoak bultzatzea hedatze-faseetan
Gobernu Kontseiluak, berebat, ontzat eman du Seed Capital de Bizkaia BI – Fondo de Capital Riesgo PYME deritzon funtsa handitzea, 4.000.000 euro gehiago emanez. Funts horrek inbertsioak egiten ditu hazteko, enplegua sortzeko eta merkatu berrietara zabaltzeko ahalmena duten ETE berritzaile eta teknologikoetan. Gehikuntza horri esker, enpresei lagundu ahal izango zaie produktu edo zerbitzu berriak garatzen, merkatu berrietara hedatzen, ekoizpen-prozesuak hobetzen eta kudeaketa optimizatzen, hala etorkizuneko egonkortasuna eta hazkundea bermaturik.
BI funtsa Seed Capital Bizkaiaren bitarteko aktiboenetako bat da, eta ardatz ditu finantza- eta merkataritza-ekipo sendotuak dituzten eta hedatze-fasean dauden enpresak. Ohiko inbertsioak 500.000 euro ingurukoak dira, baina baliteke eragiketak milioi bat eurotik gorakoak izatea.
Enpresa onuradunak industria-, teknologia- eta zerbitzu-sektoreetakoak dira; eragiteko ahalmen handia dute, eta Bizkaian enplegua sortzeko eta errotzeko gaitasuna ere bai.
4 milioiko errefortzuari esker, erantzuna eman ahal izango zaie bolumen handieneko eragiketen gehikuntzari hazkunde aurreratuko faseetan, eta jarraipena emango zaio ETE teknologiko eta berritzaileentzako babes publikoaren zutabe bihurtu den inbertsio-lerro horri.
Finantza-ekosistema publiko-pribatua, Bizkaiko lehiakortasuna bultzatzeko
Gehikuntza horien bidez, Bizkaiak indartu egingo du startupei, ETE berritzaileei, hazten ari diren enpresei eta eragin handiko proiektu teknologikoei laguntzeko daukan finantza-egitura. BI eta BAF funtsez gain, Seed Capital Bizkaiak beste bitarteko batzuk kudeatzen ditu, hala nola startupentzako I Funtsa, Giza Inpaktu Funtsa, Konfekoop Funtsa edo Start Funtsa. Horiek guztiek finantzaketa-ekosistema sendoa, dibertsifikatua eta lurraldearen eraldaketa ekonomikoa bultzatzera bideratua osatzen dute.
Bizkaiak, hala, finantzaketa-eredu alternatibo baten alde egiten du. Eredu horrek, lankidetza publiko-pribatua, inbertsio baratza eta enpresentzako sostengua konbinaturik, bermatu egiten du proiektu berritzaile bakoitzak behar duen babesa izango duela hazteko, enplegua sortzeko eta lurraldearen garapen ekonomikoari ekarpena egiteko.
