Ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsak 3,86 milioi inbertitu ditu 20 enpresatan

Abe 26, 2025

EGEFaren partaidetza duten gizarte-eragineko 20 enpresa horiek 28 milioi euro fakturatzen dituzte guztira, eta 641 pertsonarentzako enplegua sortu, Bizkaian.

EGEF – Ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsa Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko Seed Capital Bizkaia sozietateak kudeatzen du eta, honezkero, 3,81 milioi euro inbertitu ditu gizarte-eragina duten 21 enpresatan; beraz, funtsezko tresna bilakatu da Bizkaiko gizarte-ekintzailetzaren babesean. Gizarte-eragina duten 20 enpresa inbertsiodun horiek 28 milioi euro fakturatzen dituzte guztira, eta 641 pertsonarentzako enplegua sortu.

Funtsak, 2014an eratu zenetik, 600.000 eurorainoko laguntzak eman ditu ekonomia zirkularrean, lan-inklusioan, zainketetan, hezkuntzan, osasunean eta antzekoetan diharduten enpresen proiektuetarako. Guztizko inbertsioari buruzko datuetan ikus daiteke zer-nolako ekarpena izan duten proiektu laguntzadunek bai gizartean, bai dinamismo ekonomikoan, bai lurraldeko ekoizpen-sarea indartzen.

Biocarbon CGT Basque Countryko milioi erdi bat euroren partaidetza 

EGEF zorroan, gizarte-eragina eta bideragarritasun ekonomikoa uztartzeko gai diren enpresa-ereduen aniztasuna dago islatuta. Besteak beste, laguntza izan duten 20 ekimen horien artean, hauek daude:

– BIOCARBON CGT BASQUE COUNTRY: 2025eko abenduan, Seed Capital enpresak 500.000 euro inbertitu ditu ekonomia zirkularreko eta bioteknologia aurreratuko proiektu horretan. Industria-proiektu aitzindaria da Europan, bioikatzean oinarritutako erretxina biokonposatuak eta biopolimeroak fabrikatzeko, sektore hauetan: automobilgintza, pakete konpostagarriak, eraikuntza edo zola teknikoak. Ekimena aliantza batetik sortu zen, hain zuen, Ebaki XXI enpresaren -Bizkaiko zuraren eraldaketako liderraren- eta Kanadako Competitive Green Technologies enpresaren -biomaterialen nazioarteko erreferentearen- arteko aliantzatik. Eta aurreikusita dago Muxikan industria-instalazio bat jartzea. Proiektuak 2,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du guztira, eta, hari esker, aditibo fosilen ordez karbono-aztarna txikiagoko alternatiba berriztagarriak egongo dira, enplegu kualifikatua sortuko da, kimika berdeari lotutako gaitasun berriak sustatuko dira, eta trakzio-efektua emango zaio lurraldeko ekosistema industrial eta teknologikoari.

– BASQ: oinetako jasangarrien enpresa da; zapatilak diseinatzen eta egiten ditu material jasangarrien eta ekonomia zirkularraren printzipioekin bat datozen prozesuetan, eta kontsumo-eredu kontzienteago eta jasangarriago baten alde egiten du.

– KOIKI: azken miliako logistika jasangarrian espezializatutako gizarte-enpresa da; baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortzen du, eta ingurumen-inpaktu txikiko banaketa-eredu batez baliatzen da.

EGEFa, Europako funts aitzindaria

EGEF – Ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsa Seed Capital Bizkaiak kudeatutako inbertsio-tresna bat da, eta gizarte-eragin nabarmena duten enpresa-ekimenak sustatzea eta sendotzea du helburu. Fiare Banca Éticaren, Anesvad fundazioaren eta San Prudentzio lan-fundazioaren babesa du; gainera, hiru entitate horiek erreferentziazkoak dira gizarte-eremuan, eta inpaktu-ikuspegia indartzen dute.

2014an, funtsa eratu zenean, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen Europako lehenengo administrazio publikoa gizarte-eragin handiko enpresa-proiektuak babesteko funts bat abian jartzen. Ordutik aurrera, EGEFa bideratuta egon da enpresa emergenteak eta helburu ekonomikoak eta gizarte- eta ingurumen-helburuak uztartzen dituzten enpresak sustatzera.

Inbertitzeko modu bat baino gehiago dago, hau da, kapital-partaidetzen bidez edo proiektu bakoitzaren hazkunde-beharretara egokitutako finantza-tresnen bidez, helburua baita finkatzen laguntzea eta eskalagarriak eta jasangarriak izatea. Finantza-ekarpenaz gain, funtsak beste hauek ere eskaintzen ditu: akonpainamendu estrategikoa, inpaktuaren neurketa, eta inbertitzaile espezializatuen sareekiko konexioa.

EGEF estrategiaren ildoak bat egiten du garapen jasangarriaren lehentasunekin; izan ere, sustatzen dituen ekimenek laguntzen dute gizarte-kohesioa, komunitatearen ongizatea eta eredu ekonomiko inklusibo eta arduratsuagoa hobetzen. Apustu horren ondorioz, Bizkaia lurralde aitzindaria da inpaktu-inbertsioari dagokionez Estatuan eta Europan.

Seed Capital Bizkaia, enpresa-ehunerako inbertsio-eragilea

Seed Capital Bizkaia foru-sozietate bat da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikita dago, eta hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du enpresak finantzatzen, hasierako faseetan eta hazkunde-faseetan. Haren xedea da Bizkaian enplegua eta aberastasuna sortzeko gaitasuna duten proiektu berritzaileak bultzatzea. Horretarako, inbertsio publikoa eta kapital pribatua uztartzen ditu, eta ahalmen handiko ekimenak garatzen lagundu.

Seed Capital Bizkaia
Resumen de privacidad

Esta web utiliza cookies para que podamos ofrecerte la mejor experiencia de usuario posible. La información de las cookies se almacena en tu navegador y realiza funciones tales como reconocerte cuando vuelves a nuestra web o ayudar a nuestro equipo a comprender qué secciones de la web encuentras más interesantes y útiles.