Seed Capital Bizkaiak aurrera jarraitzen du eredu ekonomiko jasangarriagoaren eta berritzaileagoaren aldeko konpromisoan. Sozietate publikoak, makineria astunaren birmanufaktura jasangarrian erreferentea den Revenant enpresa sartu du bere partaidetuen zorroan, osagai berritzaile handia duten fase goiztiarretako proiektuak bultzatzeko tresna den I Funtsaren bidez.
Bultzada industria eredu berri bati
Seed Capital Bizkaia finantzaketa-erronda horretan sartzeak, Easo Ventures, Orza eta Itzarri BGAErekin batera, hurrengo hazkunde-faseari aurre egiteko aukera emango dio Revenanti: Gordexolan lantegi berri bat irekitzea. Azpiegitura horrek ekoizpen ahalmena bikoiztea, diseinu eta berrikuntza prozesuak indartzea eta jasangarritasunera bideratutako produktu lerro berriak sartzea ahalbidetuko du.
Teknologia, zirkulartasuna eta deskarbonizazio industriala
Revenant euskal ingurune industrialeko enpresa berritzaileenetakoa bihurtu da. Bere negozio eredua makineria astunaren birmanufakturan oinarritzen da. Prozesu horren bidez, bizitza baliagarriaren amaieran ekipo industrialak zaharberritzen eta optimizatzen dira, horrela ekipo berrien berezko errendimendu mailak berreskuratuz.
Elektronikan, sentsoreetan eta errendimendu kontrolean teknologia aurreratuak aplikatzeaz gain, Revenantek motor konbentzionalen ordez biogas bidez propultsatutako motorrak jartzen ditu. Horrek zuzenean laguntzen du sektorea deskarbonizatzen eta balio erantsi handiko ekonomia zirkularra bultzatzen.
Etorkizuneko apustua
Operazio horrekin, Seed Capital Bizkaiak proiektu teknologiko, jasangarri eta eskalagarrien aldeko apustua egiten jarraitzen du. Proiektu horiek, Revenantek, besteak beste, soluzio errealak ematen dizkiete egungo erronka handiei: klima aldaketari, energia eraginkortasunari eta industria eraldaketari.
