Inpaktu Eragiketa Onenaren sariak FEISen eredu aitzindaria aintzatesten du: kapital publiko pazientea, zorrotza eta emaitza ekonomiko, sozial eta ingurumenekoetara bideratukoa.
Seed Capital Bizkaiak kudeatzen duen eta Fiare Banca Éticak, Anesvad Fundazioak eta San PrudencioFundazioak parte hartzen duten Ekintzailetzarako eta Eragin Sozialerako Funtsak (FEIS), Inpaktu Eragiketa Onenaren 2026ko SpainCap Saria jaso du, KOIKIn egindako inbertsioarengatik eta ondoan jarduteagatik.
Sariak, eragiketa horren bidez, epe luzerako ikuspegia duen kapital pazientearen lankidetza publiko-pribatuaren eredu aitzindaria aintzatesten du: potentziala duten enpresen ondoan jardutea, emaitzak eskatzea eta balio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa sortzeko gaitasuna zaintzea.
FEIS, aitzindaria ekintzailetza eta eragin soziala finantzatzen
2014an abiarazi zen FEIS Estatu mailako Administrazio publiko batek sustatutako inpaktu-inbertsioko lehen funtsa izan zen. Ordutik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Seed Capital Bizkaiaren bitartez eta Fiare Banca Éticaren, Anesvad Fundazioaren eta San Prudencio Fundazioaren partaidetzarekin, eskakizun ekonomikoa, enpresa-arloan ondoan jardutea eta proiektu bakoitzak sortutako gizarte- eta ingurumen-emaitzen etengabeko ebaluazioa uztartzen dituen inbertsio-eredu aitzindaria bultzatu du.
KOIKIn egindako inbertsioak ikuspegi hori islatzen du. FEIS izan zen kapital errondaren buru 2016an, eta hainbat inpaktu-funtsek hartu zuten parte konpainia bultzatzeko. 2019an, hasierako funtsetako batzuk irten ondoren, FEIS Funtsak KOIKIren aldeko apustu sendoa egin zuen: bere partaidetzari eustea eta trantsizio eta hazkunde fase erabakigarria igarotzen ari zen proiektuari egonkortasuna ematea erabaki zuen. Jarraitutasun horrek erreferentziazko bazkide berriak sartzea erraztu zuen ondoren, eta, horrela, KOIKIren garapen gaitasuna eta potentziala indartu ziren.
FEISen esperientziak inbertsio publikoa eta lankidetza publiko-pribatua eraldaketa ekonomiko eta sozialerako potentzial handia duten tresna estrategikoak izan daitezkeela erakusten du.
Koiki, hiri mugikortasuna eraldatuz
KOIKIk hurbileko eta oinez, bizikletaz edo ibilgailu elektrikoen bidez banatzeko mikrozentroetan oinarritutako azken miliako hiri logistikako eredua garatu du.
2025ean konpainiak 3,2 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, aurreko ekitaldian baino % 10 gehiago, eta 48 zentro aktiborekin jardun zuen 12 autonomia erkidegotan.
Proiektuak sortutako inpaktua, gainera, bere dimentsio ekonomikotik haratago doa. Sarearen % 85 adimen-desgaitasuna duten, bazterketa arriskuan dauden edo buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonei lotuta egon zen. Era berean, bere jarduerak 624 tona CO₂ saihestu zituen 2025ean, eta, kalkuluen arabera, 0,43 kilogramo CO₂ aurreztu zituen banatutako pakete bakoitzeko.
KOIKIk Bizkaian du bere ezarpen-lurraldeetako bat. Konpainiak, lau kokaguneri estaldura ematen dieten tokiko bi hubekin egiten du lan: Getxo-Areeta, Barakaldo, Sestao-Santurtzi eta Bilbo.
KOIKIk enplegu inklusiboa, logistika jasangarria eta emisioen murrizketa uztartzen ditu. Zalantzarik gabe, gizatiarragoa eta jasangarriagoa izan dadin hiriko mugikortasuna eraldatzeko modu bat da.
